domingo, 3 de septiembre de 2017

Santa Marta + Taganga

SANTA MARTA Barranquillatik abiatutako autobusean gurutzatu eta hobe ahalik eta lasterren lekua abandonatu: ibilgailu zoroak, jendearen txilioak, elkarren gaineko dendatxoen estimulu mordoak, eta kale erdian bi tipo elkarrekin burrukan inguruan sortu duten ikuslegoaren oihuekin batera kaskoa guante gisa erabiliz boxeoan. Autobusean goaz guzti hau segundu gutxitan barneratzen goazen bitartean, eta halako batean 2 polizia agertzen dira motor banatan. Gure autobusa jaleoa dagoen lekutik 2 metrora geratzen da, errepidearen erdian, eta gure geltokia dela diosku txoferrak. Jaitsi eta motxilak janzten ari garela, lehengo polizia biak gure aurretik pasatzen dira, oraingoan motor bakar batean eta burruka ari zen tipoetako bat daramatelarik haien tartean. Gixajoak eskuak agindu bezala buru atzean ez jartzegatik, zaplastekoa jasotzen du aurpegian! 
Herria bisitatzekotan geunden, baina 5 minutuko laburpena nahikoa izan da joateko ahalik eta urrunen. 

Bertan TAGANGArako busa hartu eta denbora laburrean errepidearen amaieraraino iristen gara, mendiz inguratutako kostaldeko herrixka lasai batera. Hostala bilatu, gauzak utzi eta asfaltorik gabeko harri eta lurrezko bidexketatik zehar hondartzaraino goaz. 

Kuriosoa da, giroak Afrikako puntua dauka, eta aldi berean itsaso eta mendiek eskaintzen duten paisaiak Tailandia dakar burura.
Herriko hondartzatik mendian gora abiatzen den bidexkatik pasiatuz, beste hainbat hondartzatara hel gaitezkela esan digute, baina gure gauzekin kontuz ibiltzeko, lapurretak baitaude. Bero izugarria egiten du, baina fruta tropikalez eginiko zukuaren laguntzaz esfortsuak merezi du, behin turistikoa den bigarren hondartza bat pasatuz, eta arroketan gora eta behera jarraituz, kala bakartietara heldu eta bainu epel freskagarriak har baititzakegu.


No hay comentarios:

Publicar un comentario